Zorionak Portugalete! Zorionak Bizkaiko Ikastolak!

Ibilaldia egun bateko jaia dela dirudien arren, Ibilaldia egun askotako lana da, pertsona askoren esfortzu eta ametsa, euskararen aldeko apustua egin eta Bizkaiko Ikastolei laguntzea helburu duten hamaika euskaltzaleren orduak dira Ibilaldia, hizketaldiak, telefono deiak, irribarreak, malkoak, ardurak… hainbeste gauza…

Trapagaranen ospatu zen iaz Bizkaiko Ikastolen aldeko jaia, ez zen jai makala izan Itxaropena Ikastolak egindakoa, 300 familia inguruko ikastetxea, bigarren lerroa azken urteotan ari dena sartzen, Meatzaldeko ikastola bakarra, erronkari eusten jakin zioten, eguraldiak azken egunetan etzuen lagundu, Atheltickek ere konplikatu zituen gauzak pittin bat, baina “i2.zero” handia izan zen.

Trapagan bertan hartu zuen lekukoa Asti-Leku ikastolak, eta haren izenean Txus, Ikastolako zuzendariak. Gogoz eta zetorkionaz guztiz jabetu barik (jakin izan balu batek daki lekukoa bertan ez ote zuen utziko…!) lanean jartzea tokatzen zitzaion, berari eta ikastolako famili, haur, irakasle, guraso… guztiei.

Urtean zehar, akaso nire pertzepzioa izan da, baina herrian ez da Ibilaldia girorik lar sumatu, egon dira ekintzak, noski! batzuk agian ikusgarriagoak, beste batzuk urrunago geratu izan zaizkidanak… baina euskaltzaleok aspaldi genuen buruan Maiatzeko azken Igandeko zita.

Udaberri euritsua ari gara eukitzen baina Igandean eguzkiak argitu zituen Portugaleteko kaleak, goizean goizetik eguraldi benetan polita euki genuen, egunaz gozatzeko modukoa. (Penitentziaren bat egin beharko dute agian batzuek Lorentzo jaunari ordaintzeko, baina… horretan enaiz sartuko!)

Heldu ziren politikariak ikastolara, bakoitza bere kolorekoekin, bakoitza bere kanpaina propioa egiteko intentzioarekin, batzuk, zoritxarrez, erdaraz be zuzendu ziran bertaratutakoei, beste batzuek argazkian agertzea beste helbururik etzuten, baina berdin da, ez ziren eguneko protagonistak, egunak beste protagonista batzuk zituen.

Dena prest, ikasleak, eta irakasleak, txosnak prest, puzgarriak prest, janaria prest, ikastoletako jendea Portugaletera iristen, autobusak… den dena gurera etortzeko ziren guztiei harrera egiteko prest.

Zoriontzeko modukoa Igandekoa, ez bakarrik Asti-Leku ikastolako jendeari, baizik eta benetan gure herriko jendeari, uste dut sekula ez ditudala Portugaleteko bazterrak hain beteta ikusi, jendea han hemenka, jai giroan, musikaz gozatzen, ibilbidean, argazkiak egiten… eta batez ere, Ezkerraldean, eta Portugaleten euskaraz bizi gaitezkeela eta bizi gura dogula ozen esaten, entzun behar duenak entzuteko, barrenak askatzeko, gureaz gozatzeko.

Ikastolak Ibilaldiaren erronkari eutsi dio, baina lortu du nire ustetan are garrantzitsuagoa den beste zera bat bebai, lortu du herrian egotea, lortu du Ikastolako guraso edo irakasle ez direnek ere Ikastolaz hitz egitea, ikastolak egindako esfortzuaz hitz egitea, lortu du kalean egotea, jendearen artean, jai giroan, hurbil.

Barrutik bizi izan dut Ibilaldi bat antolatzea zer den, Igandean bertan trago eta trago artean malkoren bat be jausi zitzaidan, eta ziur nago antolatu litezkeela gauzak hobeto, edo ezberdin, edo akaso goitik eta behera aldatu jaiaren formatua, bakoitzak modu baten ikusiko du, baina batzuei behintzat ez zaigu hain errez ahaztuko Igandean bizi izan genuena, eta ziur nago, gaur oraindik ere asko eta asko lehertuta egongo badira ere, urteko esfortsu danen erantzuna izan zala Igandekoa, lanean aritu den orok bere lanaren trukean ezer eskatu ez duen horrek, hortxe euki du trukea.

Zorionak Bizkaiko Ikastolei, finean, aurten Asti-Lekuk lortu duena datorren urtean Gernikak eta 2015ean berriz be Ezkerraldeak lortuko dute.

 

Laburpen hitzak: , , , , , , ,

Utzi iruzkina