Posts Tagged ‘kronika’

3.eguna den honetan , Durangon oraindik ere hamaika historio daudelako kontatzeko

2005/12/09

Goizeko hamarrak eta hogeitazortzi minutu azokan oina jarri dudanean, 3.eguna, azokak bere erdibidea jo du jada, gaurko eguna amaitutakoan atzera kontua egiten hasi beharko gara.

Atzo baino jende gutxiago ikusten da gaur Landakoko kaleetatik, igerri egiten da gaur euskaldun askorentzat lan eguna dela, eskertzekoa da azokan lan egin behar dugunon aldetik.

Goiza atzo baino arinago pasa da, 12ak aldera “Berria” erosi dut, eta jende gutxi zegoen tartetxo batean irakurtzeko parada ere izan dut. Gotzon Garateri egindako omenaldiaren nondik norakoak irakurtzen nengoela, Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria gerturatu da gure saltokira, hainbat pertsona ezagun ikusteko aukera ematen du azokak, ez dago gaizki.

Bazkalostean, azoka lasaitxu zegoela aprobetxatu, eta bisita bat egiten ibili naiz, hirugarren eguna dut Landakon eta oraindik gauza zehatz batzuk besterik ez ditut ikusi.

Saltoki ugari daude, 300etik gora, mota guztietakoak, liburuak, diskak, panpinak, pin-ak… denetarik dago salgai, aukera politiko guztiek daukate beren lekua Durangon, aldarrikapen, ideia ta pentsamendu guztiek. Horren harira atzo eman zen gertakizun bat datorkit burura, Otegi eta Arzallus egun berean, ordu berean azokako bi saltoki desberdinetan,biak ala biak jendez gainezka,bere liburua etxera egile edo pertsonaia nagusiak sinatuta eraman nahizuen jendez gainezka.

Azokako Izarra omen den produktua ere erosi dut, Berriak kaleratzen duen egutegia, alegia. Egia esan, ez dira jadanik Berrriako hainbeste poltsa handi ikusten, baina bai, produkturik salduena dela esan daiteke.

Saltokietan barrena emandako nire paseoaz ari nintzen,saltoki batzuk oso ondo prestatuta daude, telebistak eta bestelakoak dauzkate, erraz bereizten dituzten elementu grafikoak… beste batzuk sinpleak, ez dakit salmentetan eragingo duen, baina bizitasuna ematen diola bai, begia alaitu behintzat alaitzen du.

Gaur, Mikel Urdangarinek kontzertua eskaini behar du hemen parean dagoen Plateruena kafe antzokian, egia esan, eta gaurko lan saioa bukatzear den honetan , geratuko nintzateke juergan , aitortu beharra daukat, baina daukadan hanketako minak gogoratzen dit bihar berriz ere hemen egon beharko naizela 10 ordu luzez, eta…

Gaurkoz, ixteko ordua iritsi da, 20:00 markatzen du erlojuak, eta kontatuko dizkizuet bihar azokako kontu gehiago.!

EIDER