Posts Tagged ‘hezkuntza’

Bost aste IRALEn (I)

2016/09/15

Luze daroat BLOG honetan idatzi barik. Arrazoiaren bila ibili naiz, akaso nire burua “justifikatzeko” beharra sentitu dudalako, baina… egia esan ez dago arrazoi bat edo beste, denbora faltari buruz hitz egin nezake, gaiei buruz… aitzakiak! Gaur, ordea, eta IRALEn ikasten gabiltzan guzti honen parte txiki bat zuekin konpartitzeko asmoz, hemen naiz berriro ere.

Aurten IRALEk eskaintzen dituen ikastaroetako bat egiteko aukera izan dut eta hemen nabil, R700 ikastaroa beste dozena bat ikasle/irakaslerekin konpartitzen (irakasle ofizioz, oraingoan ikasle izatea be badagokigu).

Egia esan ez dakit oso ondo nonik hasi. Kontu honen hasieratik agian… Aurreko ikasturtean Ikastoletatik irakaskuntza publikara salto egin nuen. 2015/2016 ikasturtea Gernikako Allende Salazar ikastetxean eman nuen. IRALEn parte hartzeko deialdia ikusi eta aukera gutxi nituela jakinda ere, esperantza gutxirekin egia esan, deialdia ondo irakurri eta saiatzea erabaki nuen. Opor sasoian IRALEn niretzako leku bat zutela zioen posta elektronikoa heldu zitzaidan eta hemen nago, Artzatzugoikon.

R700 ez da euskalduntze ikastaroa R300 edo R600 bezala (azken hauek dira ezagunenak), gu hezkuntzan ematen ari den aldaketari buruz ibiltzen gara, HEZIBERRI gora eta behera, gure ikasleekin nola jardun ikasten, hezkuntzari buruz guk baino gehiago dakitenek sistema berriaz diotena aztertzen, gure ikasleak konpetentzietan hezi ahal izateko, lehenik eta behin, guk horiek zer diren ikasten.

Hasi eta berehala ikusi nuen material mordoa nuela hemen idazten hasteko (ia bi aste behar izan ditut martxan jartzeko), ez bakarrik eskaintzen zaiguna, alegia, aurkezpen, bideo edo testuak, horietako asko edonoren esku daude eta. Talde potentea bildu gara, bakoitza arlo eta maila ezberdinekoa, batzuek bide luzea dute irakaskuntzan, beste batzuk oraindik ere hasten ari gara, batzuk sistemarekin kritikoagoak, besteak lotsatiagoak… asko (asko!) eztabaidatzen dugu, hitz egiten dugu, komentatzen dugu, eta batez ere, kritikatzen dugu. Finean, ikasle kritikoak hezi behar baditugu, guk geuk ere eredu eman beharko dugu, ezta?

Ez naiz gehiegi lutzatuko, asmoa dut komentatu ditugunak eta niretzako nolabait deigarri, interesgarri edo izan direnak txoko honetara ekartzeko, baina 10 egun behar izan baditut idazten jartzeko, ez ditut gaur den denak hemen jarriko…

Schank

Ados Schank-ek dioenarekin?

D ereduko irakasle izan nahi dut eta harro nago!

2013/11/20

Gaur goizean sare sozialetan irakurri dudan albistea irakurri ostean hamaika ideia pasatu zaizkit burutik eta egia esan, “Navarra Confidencial” hedabidearen goi karguei esatea okurritzen zaidan bakarra titularrean adierazitakoaren moduko esaldi bat dela uste dut.

Irakurri ez duzuenentzat, titularrak honela dio: “El 5% de los profesores del modelo D tiene antecedentes y el 25% está relacionado con el mundo batasuno”, ¿antecedentes? ze motakoak? akaso txakur bat zapaldu eta jabeak gure kontra egitea erabaki duelako? Akaso gazte zirenean polizia grisen aurrean korrika ibili zirelako? Akaso lagun baten despedidan mozkortu eta pelikuletan gertatzen den bezala polizia etxe batean amaitu zutelako? ¿mundo batasuno? zer da hori? “Vaya Semanita” saioan agertzen diren “batasunis” panpin horiek etorri zaizkit burura irakurri dudanean…

Nik eman ditut klaseak D ereduan, are gehiago, eman ditut klaseak ikastoletan (horiek omen ezker abertzalearen jaiotetxeak edo…), DBHn, eta zin dagizuet ez dudala poliziarekin inongo arazorik izan, eta euki izan banu be, zer? “batasuna”ren aldeko batek, alegia, ezker abertzalearen jarraitzaile edo botu emale batek ez al du irakasteko eskubiderik? PPkoek baino zilegitasun gutxiago edukiko du, akaso? Ikastolan sartu nintzenean EGA, Irakaskuntza titulua, lan eskarmentua… eta antzekoak eskatu zizkidaten, baina enuen inolako afiliatu txartelarik aurkezteko beharrik izan, zin dagizuet.

Lehen hezkuntzako irakasle izateko bidean nago orain, eta zin dagizuet, ikasi eta lan dena batera egiten dudan honetan buruan nire etorkizuneko ikaslak politikoki heztea baino gehiago dudala, irakasleak panpinak baino gehiago gara, kokoteraino gaude oporren kontua entzuteaz, kokoteraino lan gutxi egiten dugula entzuteaz… ez naiz beste ogibideekin sartuko, ezta gutxiagorik be, baina irakasleak badu egunero bere lana, irakasleak ez du bulegoan uzten lana, gutariko bakoitzak ikasle talde bat dauka eta ez da erreza ikastolatik atera eta burua itzaltzea, ez da batere erreza!

Hemen esteka irakurri nahi duenarentzat… motza, “desperdizio” bakoa!: http://www.navarraconfidencial.com/2013/11/18/el-5-de-los-profesores-del-modelo-d-tiene-antecedentes-y-el-25-esta-relacionado-con-el-mundo-batasuno/