Posts Tagged ‘Bolivia kooperante’

Badaukagu non eta nola lagundua!!!

2005/10/09

Aste honetan elkarrizketa bat egin behar izan diot Bolivian kooperante moduan lanean aritzen den herriko gizon bati. Niretzat hizketaldi atsegingarria izan zen bertako herrialdearen eta haurren egoera garbi asko azaldu zizkidalako. Bera urtero bi hilabetez joaten zela adierazi zidan eta denbora horretan han bizi izaten duena oso berezia omen da. Baina orain egoera benetan gogorra dela ere aipatu zidan.

Berak bost urte daramatza Santa Cruz probintzian dagoen kaleko haurrentzako etxe batean lanean. Haur hauek arrazoi ezberdinengatik daude etxe honetan: batzuk betidanik bizi izan dira kalean, besteak ama edo aita falta dute eta azkenik beste batzuek, tratu txarrak jasan dituzte etxean. Batzuk asteburuetan euren etxeetara itzultzen dira baina badira familiarik ez dutelako asteburuak ere kaleko haurrentzako etxean igarotzen dituztenak.

Gizon honek bi modutara laguntzen du. Bertara joaten denean haurrekin egon, lagundu eta haien aisialdia beste modu batetara antolatuz: kirol olinpiadak antolatu, igerileku eta zinemara eraman… Hemen, haur horientzat eta beraiek bizi diren etxerako dirua biltzen dihardu. Dirua bi modutara lortzen du. Batetik, erakundeek ematen diotena dago, hala nola, udalak edo enpresaren batek eta bestetik, berriz, jendea umeen aita-ama bitxi eginez lortzen duena. Azken modu honi garrantzi berezia ematen dio, diru horren zati bat haurren etxerako delako eta beste bat, aldiz, haurrak bere beharretan gastatzeko. Guzti hori bertako hezitzaile eta mojek administratzen dute.

Herriaren egoeraz galdetuta, Santa Cruz probintzian gerra zibila lehertzear dagoela esan zidan. Probintzian petrolioa eta gasa daude baina kanpotarren esku daude. Hauek dira hango aberatsak eta dirua dutenez Santa Cruz probintziarentzat independentzia eskatzen dute. Bertako indigenek, aldiz, aurre egiten diete independentzia ematen bada beraiek bizi baliabiderik gabe geldituko direlako. Momentuz trantsizioko gobernua dago eta hauteskundeak ez dira abendua arte ospatuko.

Jendearen etorkizunaz zera esan zidan: “denak Espainiara joateko zain daude. Han duten guztia, gutxi bada ere, uzteko prest daude Espainiara joateagatik. Uste dute Madril eta Bartzelonan dirua dagoela eta handik Boliviara dirua bidal dezaketela. Irudi hori telebistatik atera dute, aparailu hori iritsi baino lehen mundu osoa beraiek bezala bizi zela uste baitzuten.”

Benetan gogorra eta ezegonkorra da hango jendearen egoera baina oraindik ere bada jenderik haiei laguntzeko prest dagoenik, herritar honen gisako pertsonak. Testu osoan ez dut pertsona honen izenik aipatu gure inguruko edonor izan daitekeelako. Guztiek ere eskerrik beroenak merezi dituzte baina berak esan zidan bezala “nik ez dut inork eskerrak ematerik nahi. Ez dut horretarako laguntzen”.