Archive for the ‘Durangoko azoka’ Category

Aurten ere eutsi diolako mailari…

2010/12/09

Ez dakit krisia igerri den edo ez… ez dakit zenbat liburu saldu ditugun zehatz mehatz… ez dakit zenbat diru gastatu duen jendeak bataz beste…

baina badakit aurten ere azokak mailari eutsi diola, badakit aurten ere azoka batzutentzat negozio huts bat baino askoz gehiago izan dela… badakit aurten ere azokan hainbat eta hainbat jende egon dela lanean, liburuak saltzen, inork ikusterik ez duen leku ezkutuetan, bakarrik, lagunduta, egun baten , bitan, azoka osoan zehar…

Eta badakit aurten ere, albiste triste batek puntu iluna ipini badu ere, euskaldunok erakutsi dugula gurea maite dugula, gure editore eta idazleen jarraitzaile sutsuak garela, bakoitzak ahal izan duen mailan egin duela bere ekarpena, eta nahiz eta batzuek ez dituzten arauak bete, nahiz eta batzuek azokaren xarmari  gaztelaniazko negozio puntua ipini dioten, besteok bertan egon gara, egunez egun, gerturatu den orori arreta egin nahian, Durangoko azoka zita garrantzitsua izaten jarrai dadin gure ekarpena egiten…

 

Aupa gu…!

Gaur bai, gaur behin deskantsatuta balorazio bat egiteko moduan ikusten naiz

2005/12/12

Amaitu da, amaitu da Durangoko azokako 40.edizioa. 360 egun itxaron beharko ditugu berriz ere Durangok daukan xarma berezi hori bizi ahal izateko.

Hainbat bizipen igaro ditut azokan, hainbat pertsona ikusi ditut, lagunak, ezagunak,aspaldiko aurpegiak, ezezagunak…

Poztasun eta nekea ere elkarrekin egon dira egunotan,ordu asko dira Durangon egon beharrekoak, zutik, jendeari begira, ahalik eta aurpegi onenarekin, bokata sistrin bat janda… baina bada ere oso aukera polita, berezia, euskaltzale asko eta asko ikusteko, nobedade berri ugari ikusteko…

Aurtengoa ez da azokarik indartsuena izan jende edota salmenta aldetik, lehen urtea da barrutik ikusten dudana, eta agian, seguraski desberdina da ikuspuntua, baina Osteguna egun oso fuertea izan bazen ere, bestelakoak ez, eta horrek bere eragina izan du, noski.

Gerediaga elkartekoak dira bereziki zoriondu beharrekoak, egindako lana ez da makala izan , egun osoa gora eta behera azokatik bueltaka dena martxan izateko. Era berean , stand desberdinen atzean aritu garenak , batzuek egun bakoitzean pertsona bat bazuten, asko izan gara egunero hor ikusi garenak, goiz goizetik, kafe hartzen, eta ixteko orduan parkingera neke aurpegiarekin jeitsi garenak ere.

Egia da, nik azokako aspektu positiboak izendatu ditudala gehien bat, jendearen jatortasuna, aukera guztien partehartzea, giroa… baina izan ditu azokak ere bere alde txarrak, txarrak edo agian beste barik negatiboak edo hobetu beharrekoak, eztakit kritikagarriak besterik gabe. Lehen egunean gaztetxo (eta ez hain gaztetxoek) lapurtutako diskak, liburu salmentaren jeitsiera, edota zergatik ez, editorialen aprobetxamendua, aprobetxamendua diot, eta ez dakit hitzik egokiena izango den, baina, Durango benetan euskal kultutraren , liburugintza eta disken erakuslehio izatetik negozio huts izatera pasa da, argitaletxe gehienek abenduan kaleratzen dituzte beren liburu berriak, disketxee ere, talde gehienekin sinatua daukate Durangorako prest izango dituztela berrikuntzak… baina, tira… bizi garen gizartearen isla da, azken finean Durango eredu bat gehiago besterik ez da.

Atzo esan dudanez, azken eguna izan zen, Igandea, 20:00 puntu puntuan azokako ateak datorren urterarte izteko, Ane Miren , azokako edizio honetako kartelean agertzen den neskak kontorsionismo saio bat egin zuen, arrigarria izan omen zen , batzuk jadanik liburuak batzen ari ginen etxera ahalik eta lasterren joan ahal izateko.

21:30 azokatik atera ginenean , kotxea hartu, eta etxerako bidean jarri ginen , han utzi genuen azoka, erdi hutsik, argiak itzaltzen hasiak zituela, stand guztiak hustu eta gaur bertan seguruenik dena desmontatzen ariko dira langileak.

Ni atzo nekatuta nengoen, oso nekatuta, eta beraz, gaur idatzi dizkizuet lerro hauek, Durangoko azokak eman duenaren azken kronika nire aldetik, ea datorren urten kanpotik ala barrutik bizitzen dugun.

Amaitu da… 360 egun barru , gehiago

2005/12/11

Durangok bere ateak itxi ditu gaur. Egun arraroa izan da, jende gutxi…baina orain , nekatuta nago berandu da, eta beraz, bihar kontatuko dikizuet kontatu beharrekoak, ez dira gutxi izango , benetan!!

3.eguna den honetan , Durangon oraindik ere hamaika historio daudelako kontatzeko

2005/12/09

Goizeko hamarrak eta hogeitazortzi minutu azokan oina jarri dudanean, 3.eguna, azokak bere erdibidea jo du jada, gaurko eguna amaitutakoan atzera kontua egiten hasi beharko gara.

Atzo baino jende gutxiago ikusten da gaur Landakoko kaleetatik, igerri egiten da gaur euskaldun askorentzat lan eguna dela, eskertzekoa da azokan lan egin behar dugunon aldetik.

Goiza atzo baino arinago pasa da, 12ak aldera “Berria” erosi dut, eta jende gutxi zegoen tartetxo batean irakurtzeko parada ere izan dut. Gotzon Garateri egindako omenaldiaren nondik norakoak irakurtzen nengoela, Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria gerturatu da gure saltokira, hainbat pertsona ezagun ikusteko aukera ematen du azokak, ez dago gaizki.

Bazkalostean, azoka lasaitxu zegoela aprobetxatu, eta bisita bat egiten ibili naiz, hirugarren eguna dut Landakon eta oraindik gauza zehatz batzuk besterik ez ditut ikusi.

Saltoki ugari daude, 300etik gora, mota guztietakoak, liburuak, diskak, panpinak, pin-ak… denetarik dago salgai, aukera politiko guztiek daukate beren lekua Durangon, aldarrikapen, ideia ta pentsamendu guztiek. Horren harira atzo eman zen gertakizun bat datorkit burura, Otegi eta Arzallus egun berean, ordu berean azokako bi saltoki desberdinetan,biak ala biak jendez gainezka,bere liburua etxera egile edo pertsonaia nagusiak sinatuta eraman nahizuen jendez gainezka.

Azokako Izarra omen den produktua ere erosi dut, Berriak kaleratzen duen egutegia, alegia. Egia esan, ez dira jadanik Berrriako hainbeste poltsa handi ikusten, baina bai, produkturik salduena dela esan daiteke.

Saltokietan barrena emandako nire paseoaz ari nintzen,saltoki batzuk oso ondo prestatuta daude, telebistak eta bestelakoak dauzkate, erraz bereizten dituzten elementu grafikoak… beste batzuk sinpleak, ez dakit salmentetan eragingo duen, baina bizitasuna ematen diola bai, begia alaitu behintzat alaitzen du.

Gaur, Mikel Urdangarinek kontzertua eskaini behar du hemen parean dagoen Plateruena kafe antzokian, egia esan, eta gaurko lan saioa bukatzear den honetan , geratuko nintzateke juergan , aitortu beharra daukat, baina daukadan hanketako minak gogoratzen dit bihar berriz ere hemen egon beharko naizela 10 ordu luzez, eta…

Gaurkoz, ixteko ordua iritsi da, 20:00 markatzen du erlojuak, eta kontatuko dizkizuet bihar azokako kontu gehiago.!

EIDER

40 urteren ostean, Durangoko azoka inoiz baino indartsuago

2005/12/09

Aurten, lehenengoz, Durangoko azokaren beste aurpegia nabil ikusten, aurten lan egitea dagokit beste euskaltzale guztiek nahi dituzten liburuak egunero prest egon daitezen. Bigarren eguna izan nuen atzo Landako eraikin honen barruan, erakusmahai batean atzean. Jai eguna zen, eta azoka jendez lepo zegoen,adin guztietako jendea etorri zen urteko liburu eta diskak ikusi eta erosten.

Umeak izan ohi dira beti nire arreta gehien deitzen dutenak, asko eta asko daude azokan ere, batzuek azokako produktu guztiak erosiko lituzkete, beste batzuek, Olentzerori eskatu beharrekoa erabakitzen, denak ala denak euskaraz.

Barrenkale, artekale eta goenkale topera daude, Gerediaga elkartekoek aurten ere orain 40 urte markatutako helburu bera lortu dute, euskal kulturaren leiho izatea, milaka euskaltzale bereganatzea.

Elizako arkupetan, edota merkatuan pasatzen zuten hotza ere jadanik goraintzi zahar bat besterik ez da, Landako guneko eraikin honek berogailua dauka, jendeak ere badauka berotasuna, badaki hemen gaudenek ere euskararen alde gaudela, eta patxadaz datoz, atean arnasa sakon hartu eta mahi-mahi dabiltza jende uholdeak uzten dien heinean.

Liburu pare bat saldu ditut, eta berriro boligrafoa hartu aurretik, aurrera begira jarri naiz une batez, arnasa sakonago hartu ahal izateko, alegia, parez pare daukat Olmako Tximinia, Durangoko azokaren sinboloa, niretzat behintzat, kristal bakan batek banatzen gaitu egunotan, euskal hitz eta soinuek botatzen dabil tximinia altu eta zaharra.

Aldarrikapenek ere bere leku izan dute azokan, hainbat eta hainbat dira, espetxeratuak gogoan azokan ere, euskararen ofizialtasuna ere aldarrikapen sendoa da azoka bezalako ekitaldi batean. Abiadura handiko trenaren aurkako manifestaldiak ere zeharkatu du azoka trenak eragingo dituen beste suntsipenen eraginez aurretik eraman dute guztia, zer zen begiratu gabe, trenak ere berdina egingo du eta batzuk ez dira konturatu, beraz…

Egia da, nekatzen du egun osoan egoteak, ez da erraza zutik eta jendeari aurpegi ona jartzen egotea goizetik iluntzera, baina ezin imajina dezakezue hainbeste euskaltzale, hainbeste jende liburu eta diska artean egoteak, euskal liburu eta diska artean egoteak sortzen duen zirrara berezia.

EIDER

Durangoko azokaren 40.edizioak bihar zabalduko ditu ateak

2005/12/06

Bihartik Igandera luzatuko da aurtengo Durangoko azoka. Bihar, asteazkena, profesionalei zuzendutako eguna bada, bihartik aurrera edonork edukiko du Durangora gerturatzeko aukera.

Aurtengoa 40.edizioa da, eta azokako antolatzailea den Gerediaga Elkarteak aurten Zentsura edukiko du hizpide.

Gotzon Garate idazleak jasoko du urtero ematen duten “Argizaiola Omen” saria,

Gerediaga elkarteak 1992.urtean beste garai batzuetan zenbait pertsona eta erakundeek euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko “Durangoko argizaiola omen-saria” ematen hasi zen, berba bitan esateko “gauean argia” izan zirenei eskerrak emateko. Sari hau Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka-n ematen da urtero.

Aipatu behar da ere, azokak aurten bere 40 urteetako historiari errepasoa egingo diola, eta horretarako eta beste zenbait aspektu bultzatzeko 22 ekitaldi prestatu dituzte bihartik aurrera Durangoko eszenatoki desberdinetan.

Ni neu, aurten lehenekoz Durangon lanean izango naiz, askok dakizuenez, eta beraz, kontatuko dizkizuet eguneroko Durangoko kontuak etxera heldu bezain laster , zuek ere , joan ez arren , azokaren sentimendua nlabait jaso ahal izateko. Era berean, eta nireak bezain interesgarriak izan daitezkeen kontakizunak azokak daukan “Olmako Tximiniatik” blogean jasoko dituzue egunez egun. Joatekotan zareteni, badakizue, ez ahaztu eta etorri bisitan , “Unbe banaketak” entrepresaren standeean izango nauzue 5 egunez eta.

EIDER

Informazio guztia azokaren web gunean aurkituko duzue : www.durangokoazoka.com

Durangoko azoka 2005, Abenduaren 7tik 11ra bitartean

2005/10/30

Aurten , urteroko abenduko zubirik ez dagoela eta zenbaitek zalantzak genituen Gerediaga elkarteak noiz finkatuko zituen Durangoko liburu eta diska azoka ospatzeko egunak.

Dakizuenez, abenduaren 6 eta 8a izan ohi dira jai, ez euskaldunon jai egia esan , baina jai, eta sarritan beste ezerri ez diogu erreparatzen, eta aurten , aipatutako bi data horiek astearte eta ostegun dira , beraz, asteburu bat hautatu behar Durangoko azoka ospatzeko, eta antza badago erabakita asteazkena 7an zabalduko dituela azokak ateak, lehen eguna urteroko legez profesional eta sektoreko adituei eskeiniko badie, hortik aurrera azokako erainineko ateak edonorentzat zabalik izango dira, beraz, Durangon ikusiko dugu elkar!!