Hartu arnasa eta bota… eta behin egitearekin nahiko ez baduzu, egin ezazu behar beste aldiz: hartu arnasa sakon eta ahotik bota…
Behin egin dut, eta birritan, hirutan ziur….baina azkenaldian arnasa 10 aldiz hartu eta bota arren ito egiten naizela sentitzen dut.
Denborak aurrera egiten du etengabe, dagoeneko ez ditugu 15 urte, ez 16, ezta 20 ere. Amaitu ditugu ikasketak, eta heldu da lanean ahsteko unea, edo behintzat horrela beharko luke.
Hasi gara ezkontzak eta izaten, ezkontzaz paso egin eta lagunek etxetik nola alde egiten duten ere ikusten gabilz azkenaldian. Ikusi bakarrik balitz… nik uste ikusi baino, inbidiaz begiratzen diogula egoerari, inbidia sanoz, hori bai!
Lagun berriak ere joan dira agertzen, edo lagun bihurtu aurretiaz ez zirenak. Atzo eta ezkontza bat aitzaki, jende berriarekin egoteko aukera izan nuen, agian ezin "lagun" direnik esan, ezagun litzateke hitzik egokiena, baina agian denborak aurrera egiten duenean, orduan bai izango dira lagunak, zergatik ez?
Erabakiak hartzearekin batera, erabakiak onartu ere egin behar dira, edo erabakiak baino, errealitatea bera onartu. Gatza da abtzutan. Nik egin behar dudan horrez gain, edo akaso nik egin beharko nukeen horrez gain, nola onartu zuk egin behar duzuna? Aurpegian irribarre bat eta burua tente? gauza batzuetarako horrelakoa izaten naiz, kokiltzen ez den horietakoa, baina itxura gogor horren azpian bada negar egiteko etengabeko gogoa duena, arnasa hartu ezinik dabilena.
Ordenagailua itzali eta sofa gainean jarrita, ajeak uzten badit, gaur ere saiatuko naiz arnasa hartzen, gaur ere saiatuko naiz behin ez bada birritan, edo hirutan, ea gaur arnasa sakon hartu eta barruak lasaitzen zaizkidan.
Laburpen hitzak: Denetarik
Utzi erantzun bat